.......................................................................................................

___________________________________________________________________________

sábado, octubre 28, 2006

Gasteizen atxilotu hiru lagunak Soton espetxeratu dituzte

x Gara

Hiru ordu pasatxo egin zituzten atzo arratsean Oier Gomezek, Iñaki Trujillok eta Xabier Agirrek Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratzen. Bezperan, Gasteizen atxilotu zituen Ertzaintzak ustez kutxazain bati eraso egin ziotelako. Guztia ukatu arren, espetxean dira.

MADRIL

Auzitegi Nazional espainoleko Fernando Andreu epailearen aginduz espetxeratu zituzten atzo iluntzean Oier Gomez, Iñaki Trujillo eta Xabier Agirre, Soto del Realen. Bezperan, Ertzaintzak Gasteizen atxilotu zituen hirurak, ustez hiriburuko Vital Kutxako kutxazain bati etxean egindako lehergailu batekin eraso egin izana egotzita. Polizia-etxean izan ondoren, atzo goizean eraman zituzten Madrilera.

Abokatuekin batera pasatu ziren hirurak ere Andreuren aurrean deklaratzera 15.00ak aldera. Hala, hiru ordutik gora eman zituzten auzitegi berezian, eta Askatasunak jakinarazi zuenez, akusazioa ukatu zuten. Nolanahi ere, giltzapean jarri zituen Andreuk.

Bezperan ez ezik, Gasteizen atzo ere manifestazioa egin zuten iluntzean, hiru herritarrak atxilotzea gaitzetsi eta haiei elkartasuna helarazteko. Ertzainez inguratuta egon arren, mila bat lagun bildu ziren protestara, eta istilurik ez zela izan azaldu zioten GARAri. Bezperan, halere, ertzainek gomazko pilotekin zapuztu nahi izan zuten Alde Zaharrean egin hitzordua.