MADRIL-. Ricardo   Guerrari kartzelatik astean hiru egunez irteteko baimena eman dio Madrilgo   Lurralde Auzitegiko Bosgarren Sekzioak. Erabaki hori Zaintza Auzitegiak,   fiskalak eta Soto del Realeko tratamentu batzordeak duten irizpidearen aurka   doa. 
  Guerrak, espetxetik irteten den bakoitzean bi baldintza   bete beharko ditu. Batetik, "senitarteko batek jaso eta eramango du kartzelara".   Bestetik, "baimenaren lehenengo goizean auzitegira joan beharko du, eta hurrengo   bi egunetan tokian tokiko polizia-etxe batean aurkeztu beharko du".
  Arturo Beltran tribunaleko presidentearen ustez, "preso   horren historia begiratuz gero, pentsaezina da baimenak ematea".
  Madrilgo Lurralde Auzitegiak, aldiz, bestelako iritzia   du: "Bere zigorraren herena bete du dagoeneko, eta zortzi urte daramatza   espetxean. Bere jarrera ona da, eta kultura eta lan alorrean garapenak egiten   saiatzen da ikastaro desberdinak baliatuz". Auzitegi horren ustez, "baimen   horiek ematea onuragarria da askatasunean bizitzeko bidea prestatzen   joateko".
  Halaber, baimen hori "behar den bezala" betetzen badu, 30   egun igaro ondoren bigarren baimen bat lortzeko aukera izango du. Baimen horrek,   astean lau eguneko askatasuna emango dio, eta ez du auzitegian eta   polizia-etxeetan aurkeztu behar izango. 
  Ricardo Guerrari 17 urteko kartzela zigorra ezarri   zioten, 1998ko abenduaren 8an Aitor Zabaletari bihotzean labankada bat   sartzeagatik. Zortzi urte daramatza espetxean.
  Erabaki   "lotsagarria"
  Aitor Zabaletaren aita Javier Zabaletak, albistearen   berri izan ostean, "lotsagarritzat" jo du erabakia, Euskadi Irratiari eginiko   adierazpenetan.