.......................................................................................................

___________________________________________________________________________

sábado, marzo 04, 2006

Roberto Sainz Olmos presoa hil da Aranjuezko espetxean




x Berria / Gara - [06.03.03 - 15:35]

Portugaleteko (Bizkaia) Roberto Sainz Olmos presoa hil da Aranjuezko (Madril, Espainia) kartzelan. Espainiako Espetxe Erakundeetako iturriek agertu dutenez, bihotzekoak emanda zendu da 41 urteko presoa. Iturri horien arabera, ziegakideak, beste euskal preso politiko batek, ohartarazi die kartzelako funtzionarioei Sainz Olmos ondoezik zegoela, eta espetxeko erizaindegian hil da. Askatasunaren arabera, ordea, Igor Anguloren heriotza salatzeko enkartelada batean parte hartzen ari zela egin zaio ondoeza. 2003ko irailean atxilotu zuen Ertzaintzak Roberto Sainz, Ana Lopez neska-lagunarekin batera. Arkautin inkomunikatuta egon ziren bost egunetan torturatu egin zituztela salatu zuten. Azkenaldian bularreko min handiak sentitzen zituen.
Espainiako Espetxe Erakundeetako iturrien arabera, Aranjuezko kartzelako erizaindegian hil da euskal preso politikoa. Azaldu dutenez, ondoeza egin zaio eta ziegakideak eman die horren berri funtzionarioei. Berehala erizaindegira eraman dutela diote iturri horiek, eta han kartzelako hiru medikuek eta lau erizainek berpizteko ahalegina egin dute. Halaber, SUMMA Madrilgo larrialdi taldeei deitu diete, eta haiek berpizteko saioa egin dute. SUMMAko medikuek egiaztatu bide dute hil dela.

Askatasunak eman dituen azalpenen arabera, enkartelada batean parte hartzen ari zen ondoeza izan eta konortea galdu duenean. Funtzionario batek Saizen ziegakideari deitu dio, eta hil dela esan dio.


Bi urtetik gora epaitu gabe
Hil berri den presoa 2003ko irailean 7an atxilotu zuen Ertzaintzak, Portugaleten, Ana Lopez neska-lagunarekin batera. LABeko ordezkaria zen atxilotu zutenean, Osakidetzan. ETAko kide bat etxean hartzea egotzi zieten biei.

Arkautin, Ertzaintzaren egoitzan, bost egunez inkomunikatuta egon ziren, eta epe hori beteta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Teresa Palacios epailearen aurrean deklaratu zuten. Akusazio guztiak ukatu zituzten, baina, hala ere, baldintza gabe espetxera zitzatela agindu zuen. Akusazioak ukatzeaz gain, inkomunikatuta egon ziren bitartean ertzainek tortura fisiko zein psikologikoak egin zizkietela salatu zuten.

Ordutik badaezpadako espetxealdian zegoen Sainz, epaitzeko zain.


Azkenaldian bularreko minez
Espainiako Espetxe Erakundeek agertu dutenez, otsailaren kartzelako medikuek egin zioten ohiko azterketa batean, bularrean mina izaten zuela aipatu zuen Saizek. Hori dela eta, Madrilgo Gregorio Marañon Ospitaleko kardiologia kontsultara eraman zuten otsailaren 12an. Aipatu iturrien arabera, elektrokardiograma egin zioten, baina ez zioten ezer sumatu.


Rafa Diez: "Espetxeak hil du"
Amorru handiz hitzegin du Rafa Diezek gaur Santurtzin Igor Anguloren heriotza salaztera joan eta sindikato kide zen Roberto Sainzen heriotza jakin duenean. "Igor Angulo bezala, espetxe politika maltzurrak hil du Roberto", salatu du eta dispertsioarekin behingoz amaitzeko eskatu du.

Santurtziko herria erabat itxita izan da goiz osoan zehar eta horrela segiko du arratsaldeko bostak arte, Igor Angulo, Cuencako espetxean hil zen herriko semeari gertatutakoa salatzeko.

Eguerdirako Ibaetako Foroak deituriko manifestaldian jende ugari bildu da eta ordurako Roberto Sainz, LAK sindikatuko kide zenaren heriotzaz jakitun ziren.

Tartean Rafa Diez, LAB sindikatuko idazkari orokorra, amorru batean, bere sindikatukidearen heriotzak errudun garbi bat duela adierazteko: "espetxe politikak hil du gure laguna" salatu du Diezek.

"Igor Angulo bezala, Roberto espetxe politikak hil du" eta segidan espainiako Gobernuari mezua luzatu dio: Esan behar zaie ezin dela beste eszenatoki batera ailegatu espetxe politika honekin, hildakoak sortzen dituen espetxe politika honekin. Bukatu egin behar da dispertsioarekin, bukaru egin behar da gobern espainolak euskal presoak anikilatzeko daraman politika honekin".


Askatasunak sakabanaketari egotzi dio heriotza
Agiri baten bitartez, Askatasunak "gogor" salatu du "sakabanaketa eta espetxeetako politikak eragin duen heriotza".

"PSOE da politika horren erantzukizun eta ondorioz heriotzaren errudun", dio agirian. Euskal Herri osoko alderdi, eragile edo sindikatuei eta era berean Estatu frantses zein espainoleko eragileei sakabanaketa politika desager dadin "inplika daitezela" eskatu du.